Itzuli, dena eman eta irabazi
Hemezortzi urte eta gero jaiotzen ikusi eta entzun zuen herrira, Oñatira itzuli zen bart Latzen. Eta zalantza barik esan daiteke herrikideak haiek entzuteko irrikan zeudela: duen tamainagatik ez da erraza Foruen plaza betetzea eta horixe lortu zuten Aitor Uriartek, Joxe Azpitartek, Gorka Lazkanok eta Yerko Ortizek.
Taldearen ibilbidea laburtzen zuen bideo bat eskaini ostean hasi zen kontzertua, iaz kaleratu zuten Denboraren orbainak diskoan jasota dagoen Txori txarrak abestiarekin hasi eta plazara zoramena ekarri zuen Ze ingo xu-rekin amaitu zena. Emanaldiak iraun zituen bi orduetan hogei kantu jo zituzten denera, eta lanik berrieneko Dogma, Eutsi eta Zilarrezko kaiola bezalako piezak asko eta askoren buruetan aspalditik iltzatuta dauden Torturaren artea, Indarra, Ihesa ihes eta Laztana bezalako doinuekin tartekatu zituzten.
Kontzertuan zehar Iker Martinez de Zuazo taldekide ohia izan zuten gogoan, baita 33 urteko ibilbidean zehar bidean geratu zaizkien lagun eta senideak ere. Eta laukoteak erakutsi zuen akaso 33 urte pasatu direla Latzen sortu zenetik, baina orduko indarra eta musikarekiko pasioa bere horretan mantentzen dutela.
🎥 Oier Yaniz 📷 Iñigo Malvido 🗒️ Txomin Madina
