Argindarra bueltatu da hareazko erlojua irauli orduko. Denborak ez du apaldu argiaren indarra, urdindu bada ere. Oñatiko Latzen heavy metal taldeak utzitako lekuan berrartu du ibilbidea. Laukotea berritu eta proposamena biziberritu dute iraganeko ideiekin, egungo baliabideekin eta etorkizuneko ilusioekin. Horren emaitza da Denboraren orbainak hirugarren diskoa: zaindua, heldua eta askotarikoa.
Hamar abesti berri aurkeztu dituzte, 27 urte luzeren ondoren. Latzen zena eta dena ulertzeko balio dute, bien arteko lotura naturalaren bidez. Izaera bera mantendu dute, baina abiadura mantsotzeko eta bizkortzeko esperientzia gehiagorekin. Horrelakoak dira Denboraren orbainak, arrastoa uzteko prest daudenak.
Aldarte heavyaren erakusle dira diskoaren hasiera (Txori txarrak) eta bukaera (Zilarrezko kaiola), baina ez bakarrak (Txarriboda). Thrash kutsuko pieza pausatuak ere badira (Memento mori, Dogma), entzulego zabalago bati begirakoak (Eutsi!, Heroi direnak, Arnasbideak), pasarte instrumental bat (Denboraren orbainak) eta orain arte sorturiko kanta sentituenetako bat (Zauria).
Kalitatezko soinuak eta diseinuak ere aipamen berezia merezi dute. Iker Bengoarekin grabatu dute diskoa Gasteizko Silverstar estudioetan, abestiak beste maila batera eramanez. Aldiz, Nestor Urdanpilleta arduratu da diskoak bere baitan duena ondo baino hobeto irudikatzeaz.
Denboran atzera, orainean kokatzeko
Urrun geratu da lau gazte haien aurreneko aro labur bezain arrakastatsua. 1993 eta 1999 urteen artean, Heriotzari deika maketa —30 urte bete ditu—, eta bi disko argitaratu zituzten: Kontzientzia ala infernua eta Ardi larruz. Euskarazko heavy/thrash metala jorratzeko era propioa topatu zuten. Oihartzuna balada eder bati esker lortu arren, gehiago balio du garai hartako errepertorio indartsuak. Uztea erabaki zutenean eten zen sormen emaria, lan berri bat grabatzear zirenean.
Bigarren aroa are laburragoa izan zen adinean aurrera egin zuten lau kideentzat. 2007an itzuli ziren Infernuko ateetan kontzertu bira egiteko, eta 2008an bigarrenez agur esateko. Hamabost kontzertu eskaini, horietako bat filmatu, eta Hellmuga ikus-entzunezko lanean jaso zuten. Urteen joan-etorrian, zaleek oso presente izan dute zuzeneko hura, desio batekin: laukotea berriz ere taula gainean ikustea.
Hirugarren aroa aurten abiatu dute, aipaturiko desio hura betez. Hamazazpi urteren ondoren, Bilboko Zorrotza gaztetxean eta Lakuntzako azken Hatortxu Rock jaialdian aritu ziren. Horretarako, laukotea berrosatu behar izan dute. Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Gorka Lazkano (bateria) kide originalekin bat egin du Yerko Ortizek (gitarra) —Iker Martinez de Zuazoren ordez—.
Urtarriletik aurrera, Denboraren orbainak lan berria aurkeztuko dute kontzertu bira batekin, Euskal Herriko hainbat aretoetan eta Espainiako heavy metal jaialdi garrantzitsuenetan.
Inaxio Esnaola Aranzadi
