“Argindarra bueltatu da hareazko erlojua irauli orduko. Denborak ez du apaldu argiaren indarra, urdindu bada ere. Oñatiko Latzen heavy metal taldeak utzitako lekuan berrartu du ibilbidea. Laukotea berritu eta proposamena biziberritu dute iraganeko ideiekin, egungo baliabideekin eta etorkizuneko ilusioekin. Horren emaitza da Denboraren orbainak hirugarren diskoa: zaindua, heldua eta askotarikoa.”
Denboraren orbainak
Hurrengo kontzertuak
LATZEN disko berria DENBORAREN ORBAINAK
Argindarra bueltatu da hareazko erlojua irauli orduko. Denborak ez du apaldu argiaren indarra, urdindu bada ere. Oñatiko Latzen heavy metal taldeak utzitako lekuan berrartu du ibilbidea. Laukotea berritu eta proposamena biziberritu dute iraganeko ideiekin, egungo baliabideekin eta etorkizuneko ilusioekin. Horren emaitza da Denboraren orbainak hirugarren diskoa: zaindua, heldua eta askotarikoa.
Hamar abesti berri aurkeztu dituzte, 27 urte luzeren ondoren. Latzen zena eta dena ulertzeko balio dute, bien arteko lotura naturalaren bidez. Izaera bera mantendu dute, baina abiadura mantsotzeko eta bizkortzeko esperientzia gehiagorekin. Horrelakoak dira Denboraren orbainak, arrastoa uzteko prest daudenak.
Aldarte heavyaren erakusle dira diskoaren hasiera (Txori txarrak) eta bukaera (Zilarrezko kaiola), baina ez bakarrak (Txarriboda). Thrash kutsuko pieza pausatuak ere badira (Memento mori, Dogma), entzulego zabalago bati begirakoak (Eutsi!, Heroi direnak, Arnasbideak), pasarte instrumental bat (Denboraren orbainak) eta orain arte sorturiko kanta sentituenetako bat (Zauria).
Kalitatezko soinuak eta diseinuak ere aipamen berezia merezi dute. Iker Bengoarekin grabatu dute diskoa Gasteizko Silverstar estudioetan, abestiak beste maila batera eramanez. Aldiz, Nestor Urdanpilleta arduratu da diskoak bere baitan duena ondo baino hobeto irudikatzeaz.
Denboran atzera, orainean kokatzeko
Urrun geratu da lau gazte haien aurreneko aro labur bezain arrakastatsua. 1993 eta 1999 urteen artean, Heriotzari deika maketa —30 urte bete ditu—, eta bi disko argitaratu zituzten: Kontzientzia ala infernua eta Ardi larruz. Euskarazko heavy/thrash metala jorratzeko era propioa topatu zuten. Oihartzuna balada eder bati esker lortu arren, gehiago balio du garai hartako errepertorio indartsuak. Uztea erabaki zutenean eten zen sormen emaria, lan berri bat grabatzear zirenean.
Bigarren aroa are laburragoa izan zen adinean aurrera egin zuten lau kideentzat. 2007an itzuli ziren Infernuko ateetan kontzertu bira egiteko, eta 2008an bigarrenez agur esateko. Hamabost kontzertu eskaini, horietako bat filmatu, eta Hellmuga ikus-entzunezko lanean jaso zuten. Urteen joan-etorrian, zaleek oso presente izan dute zuzeneko hura, desio batekin: laukotea berriz ere taula gainean ikustea.
Hirugarren aroa aurten abiatu dute, aipaturiko desio hura betez. Hamazazpi urteren ondoren, Bilboko Zorrotza gaztetxean eta Lakuntzako azken Hatortxu Rock jaialdian aritu ziren. Horretarako, laukotea berrosatu behar izan dute. Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Gorka Lazkano (bateria) kide originalekin bat egin du Yerko Ortizek (gitarra) —Iker Martinez de Zuazoren ordez—.
Urtarriletik aurrera, Denboraren orbainak lan berria aurkeztuko dute kontzertu bira batekin, Euskal Herriko hainbat aretoetan eta Espainiako heavy metal jaialdi garrantzitsuenetan.
Inaxio Esnaola Aranzadi
“DENBORAREN ORBAINAK”
2025eko Irailean grabatu, nahastu eta masterizatua Silverstar Studios-en Iker Bengoak gidatuta.
Musika eta hitz guztiak LATZENek eginak dira.
Ekoizlea: Iker Bengoa
Diseinua: Nestor Urdanpilleta
Argazkiak: Iñigo Malvido
Fabrikazioa: Press Play Vinyl
Editorea: Motmo editorial
Distribuzio digitala: Maldito Records
Management: Hontza Produkzioak
01. Txori txarrak / 4:13
02. Memento mori / 4:32
03. Eutsi! / 4:26
04. Heroi direnak / 5:34
05. Dogma / 4:14
06. Denboraren orbainak / 1:29
07. Arnasbideak / 4:35
08. Txarriboda / 5:10
09. Zauria / 5:43
10. Zilarrezko kaiola / 4:50
LATZEN, eta hirugarrenean… Memento Mori
Talde baten erabateko itzulera albistea dago hitz hauetan. Azken aste hauetan begiekin ikusi eta belarriekin entzun duzuna, ez da irudipen bat izan. Kontatu dizuten eta denon ahotan dabilen hori, egia da. Erabat baieztatzeko momentua. LATZEN ITZULI DA. Itzuli, taula gainera udan. Itzuli, kantu eta diskogintzara orain. Eta gero, album berriaren ondotik, datorren urtean, itzuli -berriz ere- eskenatoki eta birak egitera.
LATZEN, laukotea orain ere. Hori bai, lehen aldiz ez dira hasierako lau haiek. Gogoratzen dituzu? Aitor, Joxe Mari, Gorka eta Iker. Orduan bai, baina gaur ez ordea, Iker Martinez de Zuazo falta da 2025ko LATZEN honetan, lehen gitarra orain Yerko Ortiz-en eskuetara pasa da. Belaunaldi berriko gitarrista, iragana adina gero izan nahi duen talde honentzat. Eta honela, Euskal Herrian eta euskaraz egindako metalaren bigarren olatuko laukoterik azpimarratuena izandakoak, jarraipena eman nahi dio bere ibilbide indartsuari.
LATZEN, 1993tik 1999ra lehenbizi, maketa bat eta bi estudio lan luze. Heriotzari Deika(mak), Kontzientzia ala Infernua, Ardi Larruz. Lehen geldialdia. 2008an, keinu bat egin zorra kitatzeko eta, zuzeneko disko eta DVD, Hellmuga. Zer da, izan ere, zuzenekorik gabeko metal talde bat? Eta hortik aurrera urteetako ixilunea eta…
Eta, inongo berririk gabeko, horrenbesteko hutsunearen aurrean kapitulu hau itxitzat ematen genuenean, herrian, Oñatin, hasi ziren lehen zurrumurruak. Oñatin, Deba-Goienan, Gipuzkoan, Euskal Herrian. Baita hemendik kanpo ere… Aitor, Joxe eta Gorkak ezin zioten honi ihes egiten utzi. Ikerrek beste proiektu eta konpromiso batzuk ditu eta ez da tren honetara igo.
Eta itzuli bai, baina horrenbeste denboraren ondotik, nola? galdetuko dute eszeptikoenek. Aurten, Zorrotzan lehenbizi eta gero Hatortxu Rock-en zuzenean ikusi dituztenek dute erantzuna. Eta haien artean ez bazara, orain, Memento Mori hau entzuten duzunean, zuk ere bai. Lehen segundutik hasita, abesti berri honen sarrera, estribillo, solo eta bestelakoek jarriko dute egungo LATZEN bere lekuan. Metala. Euskal Herrian inon gutxitan bezala lantzen den metala. Horrekin joan ziren, eta horretara datoz. Hau, orduan izan zen LATZEN bait da, baina hemendik aurrera izango dena ere bai!
Gasteizko Silverstar estudioan Iker Bengoak ekoiztu eta grabatutako Memento Mori single-a, eta Bideolan-en eskutik datorren honen bideoklipa lehenbizi eta urtea bukatu aurretik hirugarren estudio-iraupen luzekoa. Eta urtarriletik aurrera, kontzertu bira ere bai. Jimmy Jazz, Santana 27, Leyendas del Rock… Horiek lotuta eta laster datozenak… Ez utzi denborari ihes egiten, Memento Mori! LATZEN!
JOSEINA ETXEBERRIA.-
